Félix María de Samaniego
Félix María Serafín Sánchez de Samaniego 1745eko urriaren 12an jaio zen Biasterin (Araba). Bederatzi senideko familia noble eta aberats bateko bosgarren anaia zen. Bere gurasoak Félix Ignacio Sánchez de Samaniego Munibe eta Juana María Teresa Zabala Arteaga izan ziren.
Valladoliden egin zituen ikasketak, nahiz eta ez amaitu. Letrak gustukoak zituen baita musika ere; biolinarekin eta bihuelarekin oso iaioa omen zen.
Bere ama hil zitzaionean, 1758an, Baionako fraideetara, Jesusen Lagundira, bidali zuten ikasketak sakontzeko. Han bost urtez Humanitateak ikasi zituen. Bere ikasketak bukatzean Burdeosera eta Toulousera joan zen. 1763an bere lurraldera itzuli zen.
Bergaran bizi izan zen, bere osaba, Peñafloridako kondearen babesean. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide eta Bergarako aitoren semeen Mintegiaren zuzendaria izan zen. Hemengo ikasleei zuzendu zizkien bere 157 alegiak edo elezaharrak: "Fábulas morales"; bi liburukitan (1781 eta 1784an) bildu zituen denak. Lehenengo liburukia 5 ataletan eta bigarrena 4tan banatuta daude. Zeharo ezagunak dira "La cigarra y la hormiga" eta "La lechera" alegiak. Esoporen, Fedroren, La Fontaineren eta John Gayren eragina nabarmena da. Gizakiaren alde txarrak agerian uzteko barregarrikeriak darabiltza. Alegilari moduan ezagutzen dugu nagusiki. Ilustrazioaren talde nagusietako partaidea izan zen.
Frantziako Iraultza piztu zenean, 1789an, ideia iraultzaileak Espainian sar ez zitezen Frantziako liburuen sarrera saihesten saiatu zen. Egunkari guztiak legetik kanpo jarri zituzten, ofizialak zirenak salbu. Ekonomia Elkarteak susmagarriak bilakatu ziren eta, berriro, Inkisizioa eta kontserbadoreak lehenengo planoan jarri ziren.
Hala eta guztiz ere, ideia iraultzaileak oso azkar zabaldu ziren gizartean, batez ere sexuari zegozkionak. Betiko moralean apurketa larriak suertatu ziren, eta honen isla garbi ikusten da literaturan, bertsoak gero eta erotikoagoak baitira. Samaniegok ere horrelakoak idatzi zituen.
Bere bertsoetarako prosa darabil, satira eta pikareska sartuz; idazteko era honek problemak ekarri zizkion, batez ere berak bezala alegiak idazten zituen Iriarteko Tomasen partez.
1793an Frantziak Espainiari gerra deklaratu zion, honek arazoak ekarri zizkion Samaniegori, bai ekonomikoak bai bere ideiengatik. Azken hauengatik esetsia izan zen. Liburu debekatuak edukitzeagatik eta Inkisizioa belzteagatik salatua izan zen; problema larri hauek konpondu zituen bere lagun boteretsuei esker.
Biasterin hil zen 1801eko abuztuaren 11n. Bere gorpua San Juan elizako Pietatearen kapera ehortzi zuten.
BERE LANA
Felix María Samaniego ezaguna da, batez ere, idatzi zituen alegiengatik.
Baina ez legoke gaizki alegia zer den azalduko bagenu: “Ipuina edo elezaharra, gehienean hitz neurtuetan moldatua, pertsona gisa jokatzen diren animaliak edo gauzak agertzen dituena eta ondoriotzat ikasbide morala ematen duena.
Alegia asko idatzi zituen Samaniegok, eta oso zaila da beraien artean bata bestea baino hobeagorik aukeratzea.
Adibide gisa batzuk aipatuko ditugu: “Mandoa eta txerria ”, “Txitxarra eta inurria ”, Azeria eta soina “, Azeria eta zikoina “, “Belea eta azeria ”, “Esneketaria ”, etab.
Bere biografian sakontzeko:
Miguel de Cervantes liburutegi birtuala
Eta bere alegiak irakurri eta entzuteko: